Zinema

Lo Zauden Bitartean- Mientras Duermes

fitxa teknikoa

Jatorrizko izenburua: Mientras Duermes
Zuzendaria: Jaume Balagueró
Gidoilaria: Alberto Marini
Aktoreak: Luis Tosar, Marta Etura, Alberto San Juan...
Herrialdea: Espainia
Iraupena: 107 minutu
Ekoizpen-urtea: 2011

Txetxu Urkijo

Beti ere uste pertsonala besterik ez dela kontuan izanda, hausnarketatxo baten berri eman nahi dut. Hauxe duzue: Ez dago ezer beldurgarriagorik azalpenik ez duena baino. Izan ere, esplikatu ezin daitekeen gaizkiari ezin aurre egin eta horretan datza, hain zuzen ere, egiazko izua sortzeko bere gaitasuna. Pelikula honen pertsonaia nagusia gaiztoa da oso, erabat arrunta dela dirudien arren. Bere okerkeriaren iturburua gainera, zinez aldrebesa da, zeren eta bera zoriontsua izateko gainerako guztiak zorigaiztokoak izatea behar baitu, alajaina!

César (Luis Tosar) apartamentuak dituen eraikin bateko atezaina da. Oso gustuko du bere lana. Izan ere, berari esker, maizter guztien sekretu, mugimendu, ohitura, ahulezi..., hau da, dena ezagutzeko parada baitu. Are gehiago, nahi izango balu, euren bizitzak kontrolpean edukiko lituzke, zeinak jainko baten moduan sentiarazi duen. Esan bezala, Césarrek sekretutxo bat du: bere inguruan dagoen jendea sufritzen ikustea gustatzen zaiola, alegia. Eta 5. B-ko errentari berriak irribarrez agurtzen du egunero, aldatu beharreko kontua dena, noski!

Lan honen erantzule nagusia Jaume Balagueró da. Lleidako zinemagilea beldurrezko pelikulak burutzen aditua da. Nahiko ezagunak dira orain arte zertu dituen lanak, baina, inolako zalantzarik gabe, guztietan sonatuena Paco Plaza zinemagile valentziarrarekin batera borobildu zuen “[REC]” (2007) luzemetraia interesgarria dugu. Bestalde, bere ohiko bidetik aldentzen delako, 2002an zuzendu zuen “OT- La Película” izeneko dokumentala aipa daiteke. Hori bai, lan honek eman zituen fruituak kontuan izanda, batek baino gehiagok, euren artean nik neuk, benetako beldurrezko lana izan zela pentsatuko du. Kataluniako zinemagilearenak ere baditugu, besteak beste, ondorengo filmeak: “Los Sin Nombre” (1999), “Darkness” (2002), edota “Frágiles” (2005).

Azken aldi honetan, gomendatzen ditudan lan guztietan aktoreen lana nabarmentzen dut. Gehienetan, hori egia da, goraipatzeko asmotan, beste zenbaitetan, ordea, erabat bestelakoak diren arrazoiengatik. Oraingo honetan, Tosarren karakterizazioa goiestea dagokit. Lugoko aktorearen ibilbidea nahiko luze eta oparoa izan da dituen indarguneekin ohartzeko, baina, oraingoan, lan izugarri zaila burutu behar izan du. Izan ere, saritu, onartu eta alabatua izan den lan bat duela gutxi borobildua zuen, “Celda 211” (2009) zintan burutu zuen lanaz ari naiz, eta halakoetan jendearen eskaera-maila, baita norberarena ere pentsatzen dut, altuegia izaten da. Bada, betiko moduan beste alde batetik, aktore galiziarra onik atera da erronka zail honetatik.

Pelikula honetan badago, halere, oso bitxia den pertsonaia bat: eraikin bera hain zuzen ere. Nahiko pelikula klaustrofobiko baten aurrean gaude, eraikuntza baten barruan gertatzen dena. Ez da batere erraza suertatzen halako leku estuetan kamera mugitzea, zuzendariaren alde hitz egiten duena.

Gehitu iruzkin bat

The content of this field is kept private and will not be shown publicly.
  1. Modu zuzen edo traketsean izan, euskarazko testuak onartuko dira soilik.
  2. Irainak, debaldeko salaketak eta difamazioak onargaitzak dira.
  3. Arauok hausten badira, Aiaraldea Komunikazio Leihoak neurriak hartuko ditu, iruzkina ezabatzea barne.
  4. Azkenik, errespetuz eta zentzuz jokatzeko deia luzatzen dizuegu.

proposamen gehiago

Nerbioi kalea 1, 3 esk. Laudio , Araba , 01400 94 656 85 54 Aiara etorbidea 9 Amurrio , Araba , 01470 945 06 66 84 >
>
>

Ondorengo instituzioek web-gune hau babesten dute: