Literatura

[.txt] [.fm]

Nire txoko ilunak/Mis rincones oscuros

fitxa teknikoa

Izenburua: Mis rincones oscuros

Egilea: James Ellroy

Argitaletxea:Ediciones B, 2000

Aitor Aspuru Saez

James Ellroy oso egile famatua eta arrakastatsua da. Horrek ez du esan nahi, ordea, bere liburuak errazak direnik, edo publiko guztiek gustoko dituztenik. Nahiz eta idazkera zuzena eta bizkorra eduki, James Ellroy guztiz erotuta dago eta izaera hori agerian geratzen da bere testuetan. Idatzi dituen liburu guztiak hilketez eta krimenez beteta daude. Gainera, bere pertsonaia protagonistak inoiz ez dira gizaki zuzenak. Gehienetan bide okerra hartzen dute eta horren ondorioak pairatzen dituzte, onerako eta txarrerako.

Ellroyren mundua, beraz, guztiz amorala da, indarkeriak agintzen duen mundua; lurralde beldurgarri, beltz, mehatxatzaile, aztoratzaile eta, noski, dibertigarria irakurlearentzat. Drogak bezala, osasungaitzak dira bere burutapenak eta menpekotasuna sortu dezakete. Aldi berean, bere liburuak irakurri eta gero, behin eta berriro bururatuko zaigu egile honek arazo psikiko ugari dituela. Eta susmo honen baieztapen gisa, "Mis rincones oscuros" eskaini zuen.

Berebiziko liburu hau atal ezberdinez osatuta dago. Lehen zatian, Jean Hillikerren hilketaren berri ematen da. Jean Hilliker idazlearen ama zen. Berez, eleberria hasten duen kontakizun honetan James Ellroy agertzen da; poliziak bere ama norbaitek hil zuela esan zionean bera ume bat zen. Momentu horretan atera zioten argazki bat ikusi dezakegu. Hasiera honetan krimenaren ikerketaren datu guztiak jasotzen dira. Emakumearen datuak, susmagarrien datuak...

Bigarren zatian, James Elllroy bilakatzen da protagonista. Eta guztiz ikaragarria izango da kontatuko duena. Bere gurasoak banandu zirenean oso gaztea zen, umetxo bat. Ama ilegorri oso independente eta erakargarria zen;erizain moduan lan egiten zuen eta Jamesen aitarengandik urruntzen saiatu zen. James Ellroyren aita, ordea, alfer hutsa eta gezurtia zen. Bere semeari gezurrak esaten zizkion eta behin eta berriro bere emazte ohiaren aurka jartzen saiatu zen. Tamalez, presio horrek bere eragina sortu zuen. Jean Hilliker erahila izan baino lehen liskar bat izan zuten Jeanek eta bere semeak. Jamesek pentsamendu gaiztoak izan zituen, bere amaren heriotza desiratu zuen. Handik gutxira, Jeanen gorpua agertu zen. 

Bat-batean, James bere aitaren menpe geratu zen, eta baita eromenaren menpe ere. Bere ama burutik ezin zuen kendu. Baina errunduntasun hori obsesio sexuala bihurtu zen. Masturbatzen, drogak hartzen, eleberri antikomunistak irakurtzen eta lapurtzen ematen zituen egunak. Idei ultraeskuindarrak onartu zituen eta giro horretan murgildu zen. Bere institutuan judutarrak ziren ikasle gehienak, eta hala ere ikur naziak eramaten zituen. Gizaki bakartia eta marjinala zen, noski.

Armadan sartu zen, baina berehala erotu zen eta bota zuten. Bere aita hil zen. James Ellroyk iparra galdu zuen. Gustoko zituen nesken etxeetan sartu zen eta bere gauzak arakatu eta usaindu zituen. Drogak kontrolik gabe hartu zituen. Kartzelan egon zen. Burua galdu zuen hainbat aldiz. Azkenean, ospitalean zegoenean Jainkoa ikusi zuen. Bere bizitza pixkatxo bat bideratu zuen agerraldi mistiko honen ondorioz eta eleberri pare bat idatzi zituen. Arrakasta lortu zuen.

Bigarren atal hau modu oso sintetiko batean laburbildu dut, bere ideiak eta gaixo-portaera benetan harritzekoak baitira. Dena den, bere liburuetan errepikatzen diren gaiak bizipen hauetan oinarrituta daudela ulertzea oso erraza da.

Hirugarren atala interes gutxien daukana da, dudarik gabe. Ikerlari batekin bere amaren hiltzailea aurkitzen saiatu zen. Adierazitako gertakarien ostean, pasarte hauek aspergarriak ematen dute. Dena den, hiru atal hauekin eta bere azken liburuari esker ("A la caza de la mujer") irakurlea James Ellroyren psiketik hurbilago egongo da. Eta ulertuko ditu zergatik errepikatzen diren gai eta ezaugarri batzuk bere liburuetan (ilegorriak, erahilketak, maltzurkeria, erokeria...).

Hori bai, perbertsioak ez badituzue maite, hau ez da zuen liburua.

Gehitu iruzkin bat

The content of this field is kept private and will not be shown publicly.
  1. Modu zuzen edo traketsean izan, euskarazko testuak onartuko dira soilik.
  2. Irainak, debaldeko salaketak eta difamazioak onargaitzak dira.
  3. Arauok hausten badira, Aiaraldea Komunikazio Leihoak neurriak hartuko ditu, iruzkina ezabatzea barne.
  4. Azkenik, errespetuz eta zentzuz jokatzeko deia luzatzen dizuegu.

proposamen gehiago

Nerbioi kalea 1, 3 esk.
Laudio , Araba , 01400
94 656 85 54
 
Aiara etorbidea 9
Amurrio , Araba , 01470
945 06 66 84