Literatura

Gartzelako poemak

fitxa teknikoa

Izenburua: Gartzelako poemak

Idazlea: Joseba Sarrionandia

Argitaletxea: Susa, 1992

Mikel Ayllon

Preso egon denaren gogoa / kartzelara itzultzen da beti. / Kalean juje, fiskal eta / abokatuekin gurutzatzen da, / eta poliziek, identifikatu ez arren, / beste inori baino gehiago / begiratzen diote, haren pausoa / sosegatua ez delako / edo sosegatuegia delako. / Haren bihotz barruan / betirako kondenatu bat dago.

Nire etsairik handienari ere ez diot kartzela desio. Gizakiak asmatu duen eraikin ankerrena da, nabarmen gainera. Galdetu bestela hormigoizko harresi grisen artean inoiz egon diren gure herriko 7.000 lagunetakoren bati. Gaur hona dakargun poetak ere badaki zerbait horretaz.

Kontakizunaren inguruko borrokan murgilduta gaudela ematen duen honetan (bide batez, utziko diote behingoz euskaraz "relatoa" esateari?!), inolako zalantzarik gabe, liburuan jasotako poemek merezi dute leku bat kontakizunaren liburu handi horretan (ala txikia behar du izan?). Kartzela barruan (eta ondoren kanpoan ere) idatzitako poema garratzak dira, eta hala ere (edo agian horregatik), irudi liluragarririk eta edertasunik ez dute faltan. Gainera, gomendio honi kasu eginez gero eta Susa argitaletxeak kaleratu berri duen liburuaren edizio gaurkotua eskuratzen baduzue, zorioneko egongo zarete, sei poema argitaragabe aurkituko baitituzue bertan.

Joseba Sarrionandia 1958an jaio zen Iurretan. 1980an sartu zuten preso 22 urterako kondenarekin. Handik bost urtera egin zuen hanka kartzelatik (preso dagoenaren lehen manamendua beteta), zapi gorriek Iruñeako zerua estali zuten egunean. Geroztik deserrian bizi da, eta guk Kortaturen abestia dantzatzearekin (dantzatzearena gehiegi esatea ez bada) eta bere liburuak irakurtzearekin konformatu behar dugu. Hartara, gaur dakarkigun honekin batera derrigor irakurri beharrekoak lirateke, besteak beste, Narrazioak narrazio-bilduma, Hnuy illa nyha majah yahoo poema-bilduma, Hitzen ondoeza hiztegia edo Lagun izoztua nobela.

Lanbide zaila du poetak. Are zailagoa bere herritik urrun bizi bada. Nekez aberastuko da (are nekezago gure lurraldeetako hiruren gobernutxoak sariak lapurtzen badizkizu). Nekez entzungo dira bere hitzak, egun osoa "lagunak biltzen” (kromoak bailiran) ematen duen gizarte batean. Edo akaso arazoa beste bat da, poetak dioenari kasu eginda, Igual hasieran ekibokatu ginen, / mundura euskaldun sortzean.

Gehitu iruzkin bat

The content of this field is kept private and will not be shown publicly.
  1. Modu zuzen edo traketsean izan, euskarazko testuak onartuko dira soilik.
  2. Irainak, debaldeko salaketak eta difamazioak onargaitzak dira.
  3. Arauok hausten badira, Aiaraldea Komunikazio Leihoak neurriak hartuko ditu, iruzkina ezabatzea barne.
  4. Azkenik, errespetuz eta zentzuz jokatzeko deia luzatzen dizuegu.

proposamen gehiago

Nerbioi kalea 1, 3 esk. Laudio , Araba , 01400 94 656 85 54 Aiara etorbidea 9 Amurrio , Araba , 01470 945 06 66 84 >
>
>

Ondorengo instituzioek web-gune hau babesten dute: