Natur Txokoa: "Eros eta Thanatos", Sorginorratz eta Burduntziak

Maite ditut ur-putzuak. Luzaz egon naiteke haiei begira. Lurra, landaredia, zerua eta ura elkartzen diren eremu horiek, bizitza ugaritasun aparta eskaintzen dute erne dagoen begiradari. Orain, udapartean, egunargiz eta eguzkipean harat hunat hegan dabiltzan gezitxo batzuk nire arreta bereganatzen dute.Sorginorratz eta burduntziak dira. Gezurra dirudi edertasuna eta heriotza ze loturik dauden ikustea. Sorginorratz eta burduntziak ederrak bait dira. Bere siluetaren lirainak eta koloreen aniztasunak txundituta uzten naute. Bainan aldi berean, inguru hauetako ehiztaririk beldurgarri eta letalenak dira, airean mugitzen den edozein piztitxo harrapatzeko nahiko iaioak bere hegaldi azkar eta dotoreari esker. Zaletasuna ere txikitandik datorkie antza. Larbak direla, urpean bizi dira, putzuetako beste zomorro eta zapapuruen zigorra izanik. Harrapakari trebeak, beraiek baino handiagoak diren arraintxoak eta uhandreak akabatu ditzakete. Ezin esan orduan ederrak direnik, baina bai ikusgarriak ordea. Ondo fijatu ezkero, putzuaren inguruan dagoen landaretzari helduta, sahats adartxo batean edo ihi batean, larben azalak topatuko ditugu, exubiak. Intsektuak izanik, metamorfosia egin behar dute, larba buzealaria izatetik zeruetako ehiztaria bihurtzeko, eta landaredian itsatsita geratzen da larbaren azken muda, 3edo 4 zmkoa. Odonatu taldea bi multzotan banatzen da. Sorginorratzak txikiagoak dira, sotilagoak, eta hegoak tolestuta pausatzen dira.Burduntziak handiagoak, eta hegoak zabal zabal utzita pausatzen dira. Araban guztira 42 espezie omen daude, guztiak ederrak, eta letalak. Espezie batzuk, kortejoan, bihotz moduko bat osatzen dute, bien gorpuak elkartuz. Itxura hutsa. Parekatzeko kontuek, piztitxo hauentzat, elkar erakartzearekin baino ehizatzearekin bait dute antza. Eros eta thanatos. Aintzineko grekoek zer edo zer bazekiten. Textua: Patxi Lasarte Argazkiak: Mario Corral eta Patxi Lasarte

Iruzkinak

Beti bezala lan ederra egin

Beti bezala lan ederra egin duzuena.

Gehitu iruzkin bat

The content of this field is kept private and will not be shown publicly.
  1. Modu zuzen edo traketsean izan, euskarazko testuak onartuko dira soilik.
  2. Irainak, debaldeko salaketak eta difamazioak onargaitzak dira.
  3. Arauok hausten badira, Aiaraldea Komunikazio Leihoak neurriak hartuko ditu, iruzkina ezabatzea barne.
  4. Azkenik, errespetuz eta zentzuz jokatzeko deia luzatzen dizuegu.
Nerbioi kalea 1, 3 esk. Laudio , Araba , 01400 94 656 85 54 Aiara etorbidea 9 Amurrio , Araba , 01470 945 06 66 84 >
>
>