Murgako administrazio-batzarrak Remai SA enpresa auzitara eroan du

Irudiak

Remai SA enpresak Markixanan duen lantegia
Remai SA enpresak Markixanan duen lantegia
Bizilagunek egoera pankartekin salatu dute
Bizilagunek egoera pankartekin salatu dute
Lantegiaren barrualdea
Lantegiaren barrualdea

Herritarrak kexu dira Remai SA enpresaren jarduerak eragiten duen inpaktuagatik. Azaroaren 5ean salaketa ipini zuten Amurrioko epaitegian, “ingurumenaren kontrako delitua” leporatuz.

Murgako Markixana auzoan dagoen Remai SA enpresaren jarduerak kezkatuta eta haserretuta dauzka inguruko bizilagunak. Lantegitik ateratzen diren zaratek, hautsek eta hondakinek kalte handia egiten ei diete inguruari, pertsonei eta hurrean dauden etxeei. Hori dela eta, eta hainbat erakundetan salatu ostean, Murgako administrazio-batzarrak salaketa judiziala egitea ebatzi du, eta egin ere, Amurrioko epaitegian duela egun batzuk, azaroaren 5ean, hain zuzen.

Murgako administrazio-batzarrak Remai SAri kereila ipini dio “ingurumenaren kontrako ustezko delitu batengatik, siderurgia-piezak txikitzean sortzen diren zaratak, bibrazioak, hauts-emisioak eta isurkin kutsagarriengatik”. Kaleratutako prentsa-ohar baten bidez, batzarrak adierazi du Remaik “20 urte baino gehiago” daramatzala funtzionatzen, eta ez daukala “ez udal-lizentziarik ez bestelako baimen legalik”. 2001. urtean, antza denez, enpresak legeztatze-prozesuari ekin zion Aiarako Udalaren aurrean, “klasifikatutako jarduera” gisa, eta 2006tik behin-behineko baimena omen du “siderurgia-gaien berreskurapenerako”; hala ere, administrazio-batzarraren arabera, baimen hori “neurri zuzentzaileak ezartzeko eskatzen du jarduera hasi aurretik” eta hori “ez dago egiaztaturik”.

Markixanan kokatutako enpresa honen jarduera, zehazki, siderurgia-industriatik datozen pieza handiak jaso, gorde eta bertan dauden bi lubakietan txikitzea da. Horretarako piezak lehertu egin behar ditu. Prentsa-oharrean salatutakoaren arabera, “leherketa horien ondorioz, gasak eta hautsak isurtzen dira, eta enpresa barruan zein enpresatik kanpoko ortu eta etxeetan geratzen dira”. Horretaz gain, diote “eztanden indarrak osasunarentzat onargarriak ez diren zaratak eta bibrazioak” sortzen dituela, eta lantzean behin “baita arrakalak ere, inguruko etxeetan”. Izoria errekaren egoera ere kezka-iturri da bizilagunentzat, izan ere, euren esanetan “bai euria bai materialak bustitzeko erabilitako urak lubakietan pilatu eta, kutsatutako gaiez beterik, zuzenean doaz Izoria errekara”.

Egoera horren aurrean, eta ikusita “hainbat erakunde publikotan urteetan egindako salaketek” ez dutela emaitzarik izan, eta are gehiago, “erakundeok administrazioaren ikuspuntutik irregularra den funtzionamendua onartzeaz gain, salaketei batere jaramonik“ ez dietela egin, herritarrek, administrazio-batzarraren bidez, Remai SA enpresa auzitara eroan dute eta kereila jarri diote. Adierazi dutenez, kereila enpresaren ordezkari legalaren kontrakoa da, baina ez dute baztertzen “agintari administratibo edo funtzionario batzuen kontra” ere egitea, izan duten “jokaera arduragabeagatik”.

Gehitu iruzkin bat

  1. Modu zuzen edo traketsean izan, euskarazko testuak onartuko dira soilik.
  2. Irainak, debaldeko salaketak eta difamazioak onargaitzak dira.
  3. Arauok hausten badira, Aiaraldea Komunikazio Leihoak neurriak hartuko ditu, iruzkina ezabatzea barne.
  4. Azkenik, errespetuz eta zentzuz jokatzeko deia luzatzen dizuegu.
Nerbioi kalea 1, 3 esk. Laudio , Araba , 01400 94 656 85 54 Aiara etorbidea 9 Amurrio , Araba , 01470 945 06 66 84 >
>
>