Lodosako Ikastolari elkartasuna adierazteko aukera San Blas azokan
Bideo erlazionatuak
Bihar San Blas Azokaren baitan elkartasun ekimen bat egingo da Lodosako Ikastolaren alde. Laudio Ikastolak postua jarriko du 2011ko Araba Euskaraz kanpainako azken material soberakinak profitatuz. Egunean zehar bildutako diru ekarpen guztiak Lodosa eta Sartagudako Ibaialde Ikastolara bidaliko dira.
Ikastetxe hau egoera ekonomiko larri batean dago murgilduta. Berez, hurrengo otsailaren 5ean bere 25. urteurrena ospatu behar zuen, baina, gaur egungo zailtasunak ikusita, jaiaren izaera erabat aldatu da. Bertoko lehen andereño eta familiei omenaldia izan behar zuena elkartasun eguna bihurtuko da.
Ibaialde Ikastolak laguntza deia luzatu du eta, Euskal Herriko beste hainbat txokotan bezala, elkartasun keinu bat egin diote Laudiotik. Ikastolen Elkarteak Lodosako Ibaialde Ikastolaren aldeko laguntza kanpaina bat abian jarri berri du. Ikastola bakoitzak bere ikasle bakoitzeko euro baten ekarpena egingo du.
Ekarpenak biltzeko kontu bat zabaldu dute ere Ibaialde Ikastolakoek Euskadiko Kutxan: 3035 01 53 46 1531026051.



Hau idazten duenari, halabeharrez, ama Lodosakoa izatea gertatu zaio. Oraindik ere ditut gogoan, txikitan, ez oso nire gustora ere, oporretan Lodosara eramaten ninduteneko garaiak... Urteak joan ziren eta, non-eta, hain juxtu ere, gure ama sortu eta txiki-txikitan bizi izandako "Calderín" aldean eraiki zuten Ibaialde ikastola...
Lodosa-Sartagudako Ibaialde ikastolaren egoera ekonomikoa ezinago larria dela-eta, "euro bat, ipuin bat" proiektuari ekin dio Ikastolen Elkarteak, besteak beste... Ikastolen Elkartearen webgunean sartu naiz oraintsu, eta bertan ikusten dut Ixaka Lopez Mendizabal saria irabazia duela Urtxintxako lau urtekoentzako ipuin sortak, arlo horretako "irakurgairik onenak" izendatuta... Ez dio, beharbada, askorik axola, baina... Ixaka Lopez Mendizabal tolosarraren aita, Eusebio Lopez, nongoa-eta Lodosakoa zen!!!! Tolosara aldatu eta Mendizabal andrearekin ezkonduta, biziki gogotsu lotu zitzaion euskal liburuen argitaratzeari... Ez utzi "kasualidade" horri etekin poetiko pixka bat atera gabe, arren... Ama Lodosako duen amurrioar honek eskatzen dizue. Josafaten bezala, milaka atetatik sartzen ahal baikara, halaber, euskaran eta euskalgintzan ere. Eskerrik asko.