Lan gatazkak pil-pilean daude Tubacex eta Tomas Acha S.L. enpresetan

Irudiak

Tubacex enpresako langileen protesta. / Aiaraldea
Tubacex enpresako langileen protesta. / Aiaraldea
Tomas Acha S.L.ko langileek propaganda ugari egin dute bere egoera salatzeko. / Aiaraldea
Tomas Acha S.L.ko langileek propaganda ugari egin dute bere egoera salatzeko. / Aiaraldea

Azken egunotan argitara irten dira Laudion Tubacex eta Tomas Acha enpresekin lotutako lan gatazkak. Aurrenekoan langile bat kaleratu dute, bigarrengoan zazpi izan diren heinean, eskatutako Lanpostu Erregulazio Espediente (ERE) baten mehatxupean dauden hogeita sei lagunekin batera.

Tubacexetik kaleratutako langilea 57 urteko laudioarra da. 33 urte eman ditu bertan lanean. Lapurreta susmoa leporatzen diote, berak irmoki ukatu badu ere. Grabazio batez baliatuta, enpresak lehengaia (nikela) modu ez ohiko batetan manipulatu izanagatik lapurtu egin zuela ondorioztatu ei du. Berak, aldiz, beti hala egin duela adierazi du, inongo arazorik gabe. Gainera grabazioa lanpostukoa izatea susmagarria dela deritzo, ez baita kanpotik hartutako irudirik bere ustezko lapurreta frogatzeko.

Era berean, aipatzen du, orain dela gutxi leherketa bat egon zenean irudiak eskatu zituen eta grabaziorik ez zegoela esanez ukatu zizkioten. Ez hori bakarrik, enpresaren segurtasun sistemari ere aipamena egiten dio, non bere kotxea hainbatetan arakatu duten ezer aurkitu gabe.

Kaleratzea beste arrazoi batzuengatik dela uste du, erretiroa aurreratu nahi izanagatik kasu. Ustezko lapurretaren aurrean enpresak salaketa bat ezarri dio.

Honen guztiaren aurrean ELA, LAB, STAT, UGT, eta CCOO-k greba deitu dute otsailaren 9rako Tubacexen.

Tomas Acha enpresako langileen kasua bestelakoa da. 2011 urtean soldata jasotzeko atzerapenekin hasi ziren. Hala, ekainean bertan antolatzea erabaki eta ELAn laguntza bilatu zuten. Honen aurrean enpresak oztopoak jarri zituen. Ondorioz, langileek urritik ez dute soldatarik jaso eta egoera salatzeko urtarrilaren 2tik gaurdaino luzatu den legalki eskatutako greban dihardute.

Gatazkaren aurrean, hasieran aipatu bezala, zazpi langile kaleratu dituzte eta beste hogeita sei Lanpostu Erregulazio Espedientearen onartzearen mehatxupean daude. Biharko manifestazio bat antolatu dute langileek, Laudioko Herriko Plazatik arratsaldeko 18:00etan aterako dena.

Gehitu iruzkin bat

  1. Modu zuzen edo traketsean izan, euskarazko testuak onartuko dira soilik.
  2. Irainak, debaldeko salaketak eta difamazioak onargaitzak dira.
  3. Arauok hausten badira, Aiaraldea Komunikazio Leihoak neurriak hartuko ditu, iruzkina ezabatzea barne.
  4. Azkenik, errespetuz eta zentzuz jokatzeko deia luzatzen dizuegu.
Nerbioi kalea 1, 3 esk. Laudio , Araba , 01400 94 656 85 54 Aiara etorbidea 9 Amurrio , Araba , 01470 945 06 66 84 >
>
>