Julian Sanzek aurtengo denboraldiko helburuak zehaztu ditu Valentzian emandako prentsaurrekoan
Duela hilabete baino gutxiago Valentziako Biomekanika Institutuak Julian Sanz iraupen luzeko probetako txirrindulariak bizikleta gainean duen jarrera aztertu zuen. Ikerketa profesional honen helburua Julianek sasoi honetako txapelketetan errendimendu eta sasoirik hoberena erakutsi ahal izatea da.
Analisia eta gero, Julianek prentsaurrekoa eman zuen, egindako ikerketaren emaitzak eta aurtengo urterako dituen kirol-helburuak azalduz. Denetarik entzun zen bere hitzaldian, eta gai interesgarri gehienak, guztiak izan ez baziren, ukitu zituen. Xehetasun teknikoekin hasi zen, txirrindularitzan eta kirolean adituak direnentzako, eta hortik jarraituta, korrituko dituen proben ezaugarriak, baldintzak eta horien luzerak azaldu zituen zehazki.
Julian Sanzek, aurten, bere laguna eta bizitzeko tresna ezinbestekoa den bizikletarekin, ondorengo lasterketetan parte hartuko du:
-Race Around Slovenia, (1300Km Non-Stop) (maiatza).
-Tortour (Suitzako itzulia) (1100Km Non-Stop) (abuztua)
-The Race Across Europe (The Race) (5300Km eta 60000m-tako desnibela) (Amsterdam-Tarifa) (Iraila).
Julian Sanz, gehiegi ezagutzen ez dutenentzako, Aiaraldearekin harreman estua duen ultrafondoko txirrindularia da. Julian bizkaitarra da, baina azken boladan Luiaondon bizi izan da. Hainbat erronka edo desafio berezi burutu ditu, horien artean Ipar Amerika zeharkatzen duen lasterketa (“Race Across America”), Santiagoko bidea 24 ordutan egitea, eta 24 ordutan egin ahal diren kilometro-kopuruaren marka hautsi zuen iaz. Ez da ezagunagoak eta famatuagoak diren kiroletako astroak edo hoberenak bezain famatua, baina dudarik gabe, gure zonaldeko kirolari handienetako bat da.




Gehitu iruzkin bat