Guraso eta seme-alaben artean euskararen erabilera bultzatzeko mintzapraktika egitasmo berria
Aurki Laudioko AEKk, Udal Euskara zerbitzuarekin batera, Berbalagun programaren barruan kokatzen den ekintza berria abian jarriko du; Gurasolagun. Egitasmo honen xede nagusia guraso eta seme-alabentzako erakargarria den espazio berri bat eskaintzea litzateke. Hots, testuinguru euskaldun eta erakargarri bat non euskara praktikatzeko eta gozatzeko aukera izango duten, gainera partehartzea doakoa izango da.
Esan bezala, Gurasolagun guraso eta seme-alabei zuzenduta dagoen egitasmoa da eta euren arteko harremana euskalduntzeaz ez ezik, beste familia euskaldunekin harremanetan jartzeko bidea ere zabalduko du.
Momenturarte deialdiak harrera ona izan du, 25 bat gurasok eta 30 bat umek izena eman dutelarik. Hala ere, proiektuaren alor batzuk zehazteke daude eta azken ukituak emate aldera eta lehenengo kontaktua ahalbideratzeko asmoz, batzar bat deituta dago ostiral honetarako, urtarrilak 27. Batzarra Laudioko Basalarrina elkartearen egoitzan (Azoka plaza) ospatuko da arratsaldeko 17.30etan eta ordu beteko iraupena izatea aurreikusita dago.
Batzarrera gerturatzen den orok zalantzak zein aportazioak egiteko, egitasmoaren nondik norakoak ezagutzeko, zein proiektuaren norabidean parte hartzeko beta izango du. Umeek ere euren hitzordu propioa izango dute ostiralean, izan ere, Kirikiño taldeko begirale bat egongo da haiekin jolas moduko tailertxo bat garatzen.
Lehenengo aldia da gure eskualdean horrelako ekintza bat aurrera eramaten dena. Hala ere, Gurasolagun egitasmoa Euskal Herriko hainbat herritan martxan da dagoeneko, Getxon, besteak beste.
Informazio gehiago nahi duenak aiaraldea.blogspot.com helbidean izango du eskura.


Gehitu iruzkin bat