Gizon-emakumezkoen berdintasunaren inguruko diagnostiko parte-hartzailea egingo dute
Hirian gizon zein emakumeen aukera berdintasunak aztertu nahi ditu Parekidetasun Batzordeak. Horretarako, elkarteen, zein Urduñako hiritar ezberdinen iritziak jasoko dituzte. Diagnostiko parte-hartzaile honen helburuak anitzak dira. Helburu nagusiena, herriko beharrak, arazoak, interesak, indarguneak eta aukerak identifikatzea da.
Behin ondorio horiek lortuta, helburuen zerrenda zehatza osatuko dute. Horri esker, ekintza plan posible baterako estrategiak proposatu ahal izango dituzte.
Aipatutako helburu horiek lortu ahal izateko hiritarren iritziak, beharrak zein nahiak jakiteaz gainera, gaur egun Urduñan dagoen egoeraren inguruko hausnarketa egingo dute. Horregatik, genero perspektibatik zenbait datu kuantitatibo eta kualitatibo berrinterpretatuko dituzte, jarraitu beharreko bidea zein den jakin ahal izateko.
Otsailaren 9an arratsaldeko19:00etan Kultur Etxeko areto nagusian batzarra egingo du batzordeak. Hiritarren parte-hartzea eskatzen dute diagnostikoarekin hasi ahal izateko.
Mota honetako diagnostiko parte-hartzailea ez da 2007.urtetik egin. Batzordeak, ezinbestekoa ikusi du diagnostiko berri bat egitea, taldearen helburuak diagnostiko honen emaitzetan oinarritu nahi baitituzte.



Gehitu iruzkin bat