Euskalmetek alerta ezarri du gaur eta bihar, hotzaldia dela eta

Irudiak

Gaurtik aurrera elurra etorri liteke Aiaraldera. Irudian, Artziniegako kaleak 2010eko otsailean / Irudia: Xabi Zalbide
Gaurtik aurrera elurra etorri liteke Aiaraldera. Irudian, Artziniegako kaleak 2010eko otsailean / Irudia: Xabi Zalbide
Bihar 19:00etarako 1500 m-ko altueran aurreikusita dagoen tenperatura / Iturria: Meteociel.fr
Bihar 19:00etarako 1500 m-ko altueran aurreikusita dagoen tenperatura / Iturria: Meteociel.fr


2011 gurean aspaldiko urterik beroena izan bazen ere, eta urtarrila ere nahiko lasai joan den arren, otsailarekin batera hotza etorriko da Aiaraldera eta Euskal Herri osora. Izan ere, Siberian sortutako aire-masa hotza gurera helduko da Eskandinavia gainean kokatu den antizikloi sendo bati esker, Europa ia osoa zeharkatuz. Horrekin batera tenperaturak behera egingo du nabarmen eta batez bestekotik behera geratuko da. Hotzaldi siberiarrak izan ditzakegun gogorrenak dira tenperaturari dagokionez, baina oro har hotzaldi polarrak baino lehorragoak dira.


Aire hotza gaur arratsaldean bertan sartuko da ipar-ekialdetik, eta goizean izaten ari garen euria elur bihurtuko da ia eskualde osoan, elur-kota 0 eta 100 metro bitartean kokatuko baita egunaren amaieran eta gauean. Oso isoterma hotzak izango ditugu goietan: 1500 metrotan -11º edo -12º izateraino heldu gaitezke. Horrek esan gura du -kontuan izanda tenperatura 100 metroko 0,6º jaisten dela- Aiaralde osoan zerotik azpiko maximoak izan ditzakegula. Prezipitazioei dagokienez, gaurko azken ordutik aurrera atertzera egitea espero da eta, hala, prezipitazio gehien izango den unea ez litzateke hotz handienarekin batera etorriko. Dena dela, unean-unean jarraitu beharreko egoera da, gainera Aiaraldea prezipitazio-arrisku gehien izango duen inguruan dagoelako.

Hori dela eta, Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziak alerta horia ezarri du gaurko EAE osorako, alde batetik elurragatik, gaurkoan 1000 metroko altueran 2-10 cm pilatzea aurreikusten delako, 600 m-ra 1-5 cm, eta 0-2 cm 200 m-ra, eta, bestetik, tenperatura hotzengatik, izotz txikia egingo baitu edonon eta izotz handia mendialdean. Biharko ere alerta bi hauek ezarrita daude, kasu horretan alerta laranja, elur-zaparrada txikiak bota ditzakeelako kantauri-isurialdean, batez ere mendebaldean, eta tenperaturak -3º eta 0º bitartean kokatuko direlako.

Laudion larrialdi plana abiatuko dute

Laudioko Udalak ere neurriak hartzen hasi da aurreikusten den egoeraren aurrean; gaur adierazi du larrialdi plan bat jarri duela martxan. Printzipioz "ez dute espero elurra egitea" baina izotza bai eta, beraz, bihar goizez gatza botako dute leku gatazkatsuetan. Gaur bandoa aterako da herritarrei zuhur jokatzeko eskatuz.

Asteburuari begira hotzarekin jarraitzea espero da, batez ere larunbatean, eta ez dago oraindik oso argi zenbat prezipitazio izango den. Ematen du larunbat goizean elurra egin dezakeela baina ezin da segurtasun osoz esan.

Kontuz ibili, beraz, eta egoerari adi egon edozein jarduera egiten hasi aurretik. Esan bezala ez da espero Aiaraldean sekulako elurterik botatzea, baina honelakoetan zaila izaten da baita epe laburreko iragarpena egitea ere, eta zuhur jokatzea komeni da.

Gehitu iruzkin bat

  1. Modu zuzen edo traketsean izan, euskarazko testuak onartuko dira soilik.
  2. Irainak, debaldeko salaketak eta difamazioak onargaitzak dira.
  3. Arauok hausten badira, Aiaraldea Komunikazio Leihoak neurriak hartuko ditu, iruzkina ezabatzea barne.
  4. Azkenik, errespetuz eta zentzuz jokatzeko deia luzatzen dizuegu.
Nerbioi kalea 1, 3 esk. Laudio , Araba , 01400 94 656 85 54 Aiara etorbidea 9 Amurrio , Araba , 01470 945 06 66 84 >
>
>