Bizkaiko Ekologistak Martxanek Ganekogortako parke eolikoa geratzeko alegazioak aurkeztu dizkio Eusko Jaurlaritzari

Irudiak

Ekologistak Martxanen logoa / Aiaraldea
Ekologistak Martxanen logoa / Aiaraldea

Ganekogorta eta Galarraga mendietan eraiki nahi duten parke eolikoaren aurka agertu da Bizkaiko Ekologistak Martxan. Adierazi dutenez, ingurumen ezaugarriengatik urteak daramatzate Eusko Jaurlaritzari eskatzen Ganekogorta "babestutako gune" bilakatzeko. Guztira, 80 metroko hamabi aerosorgailu jarriko ditu Iberdrolak Zollon. Horretarako, baina, 8.500 metroko pistak egiteko asmoa iragarri dute, kamioiak igaro daitezen. Ekologistak Martxanek emandako datuen arabera, parke eolikoa eraikitzeko egokitzapenek 14.550 metrori eragingo liekete.

Espezie ugari arriskuan

Ekologistek ohartarazi dutenez, hainbat landare, animalia eta hegaztiren etorkizuna baldintzatzen du proiektuak. Izan ere, hiru habitati eragingo die parke eolikoak. Landareen artean, besteak beste, 4.030 txilardi eta 9.120 pagadi suntsi daitezkeela aurreikusi dute. Ez, ordea, landareak bakarrik: "Landare hauen belarretan espezie ugari bizi dira".

Horregatik, ulertezina iruditu zaie mehatxupean dauden espezieen katalogoan sartuta dauden bizidunak arriskuan jartzeko hautua. "Inguruetan bizi den saguzar mota bat eta bisoi europarra desagertzeko arriskuan daude", jakinarazi dute. Hegaztien kasuan, berriz, ikerketak dio mehatxatutako espezieen euskal katalogoan agertzen dirne 22 animalia bizi direla Ganekogortan. Horretaz gain, Ekologistak Martxaneko kideek gogorarazi dute Eusko Jaurlaritzak EAEko Gune Natural Esanguratsuen Katalogoan txertatuta daukala Ganekogorta. Hori dela eta, proiektua gelditzeko, ingurumen inpaktuari buruzko txosten negatiboa egin dezan exijitu diote Eusko Jaurlaritzari.

Gehitu iruzkin bat

  1. Modu zuzen edo traketsean izan, euskarazko testuak onartuko dira soilik.
  2. Irainak, debaldeko salaketak eta difamazioak onargaitzak dira.
  3. Arauok hausten badira, Aiaraldea Komunikazio Leihoak neurriak hartuko ditu, iruzkina ezabatzea barne.
  4. Azkenik, errespetuz eta zentzuz jokatzeko deia luzatzen dizuegu.
Nerbioi kalea 1, 3 esk. Laudio , Araba , 01400 94 656 85 54 Aiara etorbidea 9 Amurrio , Araba , 01470 945 06 66 84 >
>
>