Berbalagun programa diruz laguntzen jarraituko du Udalak
Amurrioko Udalak, zehazki, 10.630 euro emango ditu aurten AEK-k kudeatu eta dinamizatzen duen programarako. Bestalde, alkateak jakinarazi du, hurrengo ikasturtera begira, Matias Landaburu eskolan finkatu nahi dutela AEKren egoitza. Horretarako, udalak eta AEK-k ordainduko dituzte obrak.
Egun, 60 bat amurrioarrek parte hartzen dute egitasmoan, baina Berbalagun programa Aiaraldeko beste udalerri batzuetan ere eramaten da aurrera: Aiaran, Artziniegan, Laudion eta Urduñan.
Funtsean, mintzapraktika lantzen da Berbalagun proiektuan. Euskaltegi batean euskara ikasten aritu eta hizkuntza praktikatzeko aukerarik ez dutenei, normalean gaztelaniaz hitz egin eta euskara maizago erabili nahi duten euskaldunei eta euskal kultura gozatu eta ezagutu nahi dutenei zuzenduta dago. Helburu nagusiak bi dira: euskaldunok elkar ezagutzea eta hitz egiteko aukera gehiago sortzea. Horretarako, euskaraz hitz egiteko ohitura duten lagunak ohitura ez dutenekin elkartzen dira, harreman-sareak sortu eta erabilera guneak irabazteko.
Adina, zaletasunak, eta disponibilitatea kontuan hartuta, taldeak sortzen dira, lotsa gainditzeko, guztiek hitz egiteko eta harreman afektiboak modu erosoan lantzeko bide ematen baitute mota horretako taldeek. Gutxienez, astean behin biltzen dira, eta bertan hainbat hiztun mota aurkituko ditugu: euskaldun osoak, euskaltegiko ikasleak, ikasle ohiak, etxean euskara jaso dutenak… Baldintza bakarra: komunikatzeko gai izatea.
Aurtengo taldeek honako ordutegia dute:
- Asteazkenetan 17:00etatik 18:00etara (Siglo XXI tabernan)
- Asteazkenetan 19:00etatik 20:00etara (Alanbike tabernan)
- Ostegunetan 11:30etik 12:30era (Florida tabernan)
- Ostegunetan 17:30etik 18:30era (Txotis tabernan)
- Ostegunetan 20:00etatik 22.00etara (pintxo-potea egiteko, Txotisetik abiatuta)
Halaber, urtean zehar hainbat ekintza osagarri antolatzen dira, eta horietan Berbalagun programan izena eman dutenek ez eze, nahi duen edozeinek parte har dezakeela. Antolatzen diren ekintzen gainean informazio gehiago nahi izanez gero, jo helbide elektroniko honetara: http://aiaraldea.blogspot.com
Berbalagun programan parte hartu nahi dutenek Amurrioko AEK-ko euskaltegira deitu behar dute: 945 892 334 edo 663 076 240.


"Hizkuntza bat ez da galtzen ez dakitenek ikasten ez dutelako, dakigunok egitez ez dugulako baizik". Mesedez, amurriotar eta euskaldun sentitzen garenok egin dezagun euskera, euskera baita euskaldun egiten gaituena. Ez da nahiko euskaldun sentitzea euskalduna izateko, horretarako gure hizkuntza maitatu eta kalera atera behar dugu. Gaur egun, amurrion euskeraren egoera penagarria da, askotan burgoseko herri batetan bizi naizelaren irudipena daukat. Eskereikasko AEK eta euskeraren alde lan egiten duzuen guztioi! Gora Amurrio euskalduna! Defendatu eta maitatu dezagun geurea!!!!