Asteon ere, hotza nagusi

Irudiak

Urduñako plaza elurretan aurreko astean / Aiaraldea
Urduñako plaza elurretan aurreko astean / Aiaraldea
Artziniegako hirigunea otsailaren 3an / Aiaraldea
Artziniegako hirigunea otsailaren 3an / Aiaraldea
Gorobel maroño urtegitik aurreko astean / Aiaraldea
Gorobel maroño urtegitik aurreko astean / Aiaraldea

Gaur elurretan esnatu da Aiaraldea, eta tenperaturak behera egingo du egunak aurrera egin ahala. Prezipitazio handirik ez da espero, eta batez ere gaur eta biharko lehen orduetan egingo du.

Aurreko asteko hotzaldi siberiarrak zalaparta handirekin etorri zen, baina ez zuen arazo handirik eragin gurean, errepideetan izandako ezbehar arin batzuk izan ezik. Egunik okerrena osteguna izan zen, orduan 200 metrotik gora 10cm elur pilatu zituenean. Goietan geruza handiagoa zen, eta Gorobelen esaterako 30-40 cm neurtu ziren. Tenperaturei dagokionez, hotzak izan ziren baina herriguneetan 0ºtik gora joan ziren eguerdian, eta minimoetan ez zen inolako markarik hautsi; tenperaturarik hotzena Urduñako mendatean neurtu zen, -6,5º hain zuzen ere. Hotza eta elurra, beraz, baina beste urte batzuetan izandakoaren antzera.

Igandean, ostera, fronte bero bat heldu zen itsasotik, tenperaturak gora egin zuen eta euri dezente bota zuen kota guztietan; Laudion, adibidez, ostegun eguerdian -0,6º zeuden, eta igande eguerdian 8,9º. Horren ondorioz, elur gehiena urtu eta ibaietako emaria nahiko handitu zen, baina arazorik eragin barik. Hala ere, atzo bertan tenperaturak behera egin zuen berriro; Eskandinaviako antizikloiak tinko eusten dio eta egoera horrekin erraz heltzen da gurera Europa osoa gogor astintzen ari den hotzaren eragina.

Euskalmetek alerta horia ezarri du gaur eta laranja biharko

Asteartea, beraz, ostera ere elurpean hasi dugu. Momentuz ez du askorik pilatu baina elurra ari du ia Aiaralde osoan, eta hala segitzea espero da, apurka-apurka atertzera (eta hoztera) egitea espero den arren. Euskalmeten arabera elur-kota 300-500 m inguruan egongo da goizean (gurean beherago dago), eguerdi partean 100-200 metrotan kokatuz eta  arratsalde-gauean itsas mailan. 1000 metroko garaieran 2-14 cm pilatzea espero da, 2-10 cm 600 m-ra eta 0-5 cm 200 m-ra. Izotza txikia ere egingo du. Hori dela eta, Euskalmetek abisu horia ezarri du.

Bihar, asteazkena, antzeko egoera espero du Euskalmetek, baina apur bat ezengokorragoa: goizean elurra egingo du eta ondoren atertzera egingo du, iragarpenaren arabera. 200 m-ra 2 eta 10 cm elur pilatzea espero da. Gurean -4º inguruko tenperatura minimoa aurreikusten da, eta 1º inguruko maximoa. Horregatik, abisu laranja ezarri du EAE osorako.

Prezipitazioari buruzko iragarpena, beti bezala, zuhurtasunez hartu behar da, aurreikusten gaitza delako zehazki zenbat eta zein momentutan botako duen. Momenturik okerrena, dena dela, bihar goizean izan daiteke.

Asteburura arte, gutxienez, eguraldi hotza

Eguraldi hotzak jarraipena izango du, gutxienez, asteburura arte. Oraindik goiz da iragarpen zehatza egiteko, baina modeloek gaur erakusten dutena betez gero, baliteke ostiral-larunbaterako Europa erdialdetik beste aire-masa hotz bat etortzea eta ezegonkortasuna eta hotza areagotzea.

Informazio gehiago eta eguneroko datuak: Euskalmet-Euskal Meteorologia Agentzia

Gehitu iruzkin bat

  1. Modu zuzen edo traketsean izan, euskarazko testuak onartuko dira soilik.
  2. Irainak, debaldeko salaketak eta difamazioak onargaitzak dira.
  3. Arauok hausten badira, Aiaraldea Komunikazio Leihoak neurriak hartuko ditu, iruzkina ezabatzea barne.
  4. Azkenik, errespetuz eta zentzuz jokatzeko deia luzatzen dizuegu.
Nerbioi kalea 1, 3 esk. Laudio , Araba , 01400 94 656 85 54 Aiara etorbidea 9 Amurrio , Araba , 01470 945 06 66 84 >
>
>