“Arabako Euskaldunon Elkarguneen Topaketak" aurrera egingo du larunbatean

Irudiak

Kartelaren irudia
Kartelaren irudia

Joan den larunbatean, azaroak 13, hasiera eman zitzaien Arabako euskaldunon elkarguneen topaketei. Manuel Moreno Arabako Topagunearen ordezkariak adierazi digunez, herrialdeko hainbat eskualdetatik etorritako 50 lagun bildu ziren Gasteizko Artiumean.

Lehenbizi mintzapraktika egitasmoak izan zituzten hizpide Rozio Lucesek, Ane Pedruzok eta Naroa Cuestak. Egizu elkarteko kidea da Luces, eta berak azaldu zuen Getxoko ‘Sareak Josiz’ ekimenak izan duen garrantzia zeregin horretan. Ane Pedruzok eta Naroa Cuestak, aldiz -Geu Gasteizko kideak- Arabako ikuspegia eman zuten jarraian. Hiriburuan ‘mintzalagunak’, ‘Gurasolagunak’… eta asmo beretik eratorritako egitasmoek izan duten harrera ona azpimarratu zuten. Horren adierazle da, egun, 500 lagunek parte hartzen dutela Gasteizko mintzalagunen sarean.

Hamaiketakoaren ostean, Igor Elortzak eta Gotzon Barandiaranek ‘Kalea, lana, bizipoza’ izeneko mintzaldia partekatu zuten bertaratutakoekin. Arabako Bertsozaleen Elkarteko Ohiane Perea eta Asier Lafuentek ‘Kuadrilla arteko bertso txapelketa’ aurkeztu zuten, eta Laudioko Basalarrina Euskara Elkarteak ‘Kantuzaleak’ proiektua ekarri zuen argitara.

Larunbatean aisialdia eta elkarguneak protagonista

Azaroaren 20ko saioa goizeko 10:00etan abiatuko da eta eguerdiko 14:00ak arte iraungo duela aurreikusi dute. Haur eta gaztetxoen aisialdiaz arituko dira gaian zeresana duten Sonia Perez eta Nagore Amondarain. Jarraian, Iñaki Martinez de Luna eta Iñaki Arruti jardungo dira euskaldunon elkarguneen inguruan.

Betiere Arabako esperientzietan oinarrituko dira hitzaldiok, eta interbentziotarako aukerarik ere izango da. Hainbat dira euskararen aldeko lanean diharduten banako eta eragile zein erakundeak lurralde horretan. Lan horri arnasa eta topatzeko gune bat eskaintzera bidean sortu dituzte topaketa hauek.

Euskalgintzaren parte den orori deialdia luzatzen diogu topaketa hauetan parte hartzera anima dadin.

Gehitu iruzkin bat

  1. Modu zuzen edo traketsean izan, euskarazko testuak onartuko dira soilik.
  2. Irainak, debaldeko salaketak eta difamazioak onargaitzak dira.
  3. Arauok hausten badira, Aiaraldea Komunikazio Leihoak neurriak hartuko ditu, iruzkina ezabatzea barne.
  4. Azkenik, errespetuz eta zentzuz jokatzeko deia luzatzen dizuegu.
Nerbioi kalea 1, 3 esk. Laudio , Araba , 01400 94 656 85 54 Aiara etorbidea 9 Amurrio , Araba , 01470 945 06 66 84 >
>
>