Araba Euskaraz jaia aurkeztu dute

Laudio Ikastolako zenbait kidek prentsaurrekoa eskaini zuten atzo Udaleko Udalbatza Aretoan datorren ekainaren 19an herrian ospatuko den Araba Euskaraz jaiaren aurkezpena egiteko.

            Bertan, antolatzaileek “izan zirelako gara, garelako izango dira” esaldia aurkeztu zuten jaiaren lelo gisa, Bagare! hitzarekin batera. Azken hitz hori  “ulerterraza” delako eta “bere garaian ospe handia izan zuelako” aukeratu dute festaren ikur moduan.

            Dena den, hori ez da “Bagare!” hitzak ikastolen aldeko jai honetan beteko duen paper bakarra. Izan ere, Gontzal Mendibilen izen bereko kanta 2011ko Araba Euskarazaren abestia bilakatuko da. Hala, antolatzaileek abesti horren bertsioak egitera gonbidatu zituzten herritarrak, aurkezten diren bertsio guztiek Araba Euskarazen kanta osatuko dutelarik. Jaiaren abestia osatzeko modu berritzaile horrekin, Laudio Ikastolako kideek “ohiko eskemetatik aldendu” nahi izan dute, horrela “herritarren parte-hartzea” sustatuz. Haien hitzetan, “ez da Araba Euskarazen kanta ofizialik egongo, aurkezten diren bertsio guztiak izango baitira jaiaren abesti”.

           Aurrekoaz gain, ikastolako kideek egunaren zirkuitua “laburra” izango dela aipatu zuten,  herriko plaza guztiak, parkea eta abarrak zeharkatuko zituela azaltzearekin batera. Dena den, ibilbidea “ia-ia erabakita dagoela” esan zuten arren, oraindik ixteke dagoela azaldu zuten.

            Amaitzeko antolatzaileek datorren azaroaren 26an Laudion denda irekiko dutela esan zuten, Zumalakarregi kaleko Motos Aurelio dendaren goialdean, hain justu. Durangoko Azokan abenduaren 8an postu bat jarriko dutela ere adierazi zuten, Gazteizen beste saltoki bat jartzeko asmoa erakustearekin batera. Faceebooken kontua sortu berri dutela ere esan zuten, eta laster Tuenti eta antzeko sare sozialetan ere perfila sortuko dutela, web orrialde propioa martxan jartzearekin batera.

            Hurrengo urteko Araba Euskaraz Laudion ospatuko den laugarren aldia izango da. Lehenengo aldia 1983an izan zen, bigarrena 1993an eta azkena 2000. urtean.

Gehitu iruzkin bat

  1. Modu zuzen edo traketsean izan, euskarazko testuak onartuko dira soilik.
  2. Irainak, debaldeko salaketak eta difamazioak onargaitzak dira.
  3. Arauok hausten badira, Aiaraldea Komunikazio Leihoak neurriak hartuko ditu, iruzkina ezabatzea barne.
  4. Azkenik, errespetuz eta zentzuz jokatzeko deia luzatzen dizuegu.
Nerbioi kalea 1, 3 esk. Laudio , Araba , 01400 94 656 85 54 Aiara etorbidea 9 Amurrio , Araba , 01470 945 06 66 84 >
>
>