Aiaraldeko Aralarrek EAJk eta PSEk Biltzar Nagusietan adostutako aurrekontuak gaitzetsi ditu

Irudiak

Aiaraldeko Aralarrek EAJk eta PSEk Biltzar Nagusietan adostutako aurrekontuak gaitzetsi ditu

Prentsa-ohar baten bidez, Aiaraldeko Aralarreko hautagai Andoni Estefaníak adierazi du hauek ez direla Arabak behar dituen aurrekontuak. Aralarrek egindako zuzenketak ez dira onartu.

 Atzo kaleratutako prentsa-ohar batean, foru-hauteskundeetarako Aralar alderdiaren Aiarako hautagai Andoni Estefaniak EAJk eta PSEk Biltzar Nagusietan adostutako aurrekontuak gaitzetsi egin zituen. Aralarrek bi osoko zuzenketa eta 115 zatiko zuzenketa aurkeztu zizkion aurrekontu-proiektuari, eta, Estefaníaren esanetan, “EAJ hasieran akordiorako prest azaldu bazen ere, azkenean PSEren eskaeren aurrean makurtu eta alderdi horrekin adostu ditu kontuak”.

Aralarreko Aiaraldeko hautagaiak gogoratu du “onartu ez diren zuzenketen ardatzak, besteak beste, Ongizate Departamentuaren aurrekontua handitzea, tokiko erakundeetarako diru-sailak hobetzea, euskararen sustapena eta azaleko gastuak kentzea” izan direla. Era berean, Estefaníak salatu du EAJk, PPk eta PSEk Arabaren inguruan duten ikuspegiak ez duela “lurraldearen barruko oreka bermatzen” eta “alderdi hauek interesa” daukatela “Arabako politika soil-soilik Gasteizez arduratu dadila”. Aralarrek adierazi duenez, euren zuzenketetan “Gasteizko makro-lanetarako partidak kentzea eta Arabako gainontzeko lekuetako azpiegiturak hobetzea” proposatzen zen, bai eta “Gasteiz eta Aiara lotzen dituen garraioa hobetzea, autobidetik Latiorrorako sarbide berria egitea edota Laudion aparkaleku gehiago sortzea”. Aralarrek oroimen historikoaren, protokolo-gastuen, kirolaren eta nekazaritza eta abeltzaintzaren inguruan aurkeztutako zuzenketak ere ez ditu onartu foru-gobernuak.

Arabako Aralarrek aurreko astean bertan maiatzeko hauteskundeetarako bere hautagaiak aurkeztu zituen. Aiaraldekoak Andoni Estefanía eta Imanol Fernández izango dira. Egoera zail bati aurre egin beharko diote, ezin baitugu ahaztu Aiaraldeko Aralarrek krisi latza izan duela aurten, Arabako zuzendaritzarekin izandako desadostasunengatik, eta hain zuzen ere eskualdeko ia militante guztiek alderdia utzi zutela ekainean. Horren harira, urrian, Artziniegako zinegotziek Aralar utzi eta “Artziniega Bai” taldea sortu zuten. Aralarkide ohi hauen iturrien arabera, eurek herri bakoitzean plataforma moduan aurkezteko asmoari eusten diote.

Gehitu iruzkin bat

  1. Modu zuzen edo traketsean izan, euskarazko testuak onartuko dira soilik.
  2. Irainak, debaldeko salaketak eta difamazioak onargaitzak dira.
  3. Arauok hausten badira, Aiaraldea Komunikazio Leihoak neurriak hartuko ditu, iruzkina ezabatzea barne.
  4. Azkenik, errespetuz eta zentzuz jokatzeko deia luzatzen dizuegu.
Nerbioi kalea 1, 3 esk. Laudio , Araba , 01400 94 656 85 54 Aiara etorbidea 9 Amurrio , Araba , 01470 945 06 66 84 >
>
>