Aiaraldea.com web-guneak 170.373 bisita izan zituen 2011 urtean
Bideo erlazionatuak
Aiaraldeko informazioa euskarri ezberdinetan eta euskaraz zabaltzeko helburuarekin sortutako web-guneak apirilean beteko ditu bi urte. 2010eko apirilaren 7an Amurrioko plazan ireki zuen leihoa web-gune honek, eta 2011 izan da urtebeteko ziklo osoan izandako bisita datuak neurtu eta aztertzeko lehenengo aukera.
Jasotako datuak oso positiboki baloratzen ditu Aiaraldea Komunikazio Leihoak.21 hilabete hauetan egindako ibilbidearen ondorioz web-gunea asko indartu da komunikabide bezala; orain are eta aurrerago egitea da erronka, euskarari behar duen hauspoa emateko.
Bisita eta bisitari kopurua bikoiztu egin da urtebetean
Web-guneak 170.373 bisita izan zituen 2011. urtean, 2010 urtekoan sarean emandako 9 hilabetetan izandakoen bikoitza baino gehiago. Izandako bisitari kopurua ere bikoiztu egin dugu urtebetean, 51.867 bisitari hain zuzen ere (21.359 2011. urtean). Bisita bakoitzean, bataz beste, 3,22 orrialde ikusi ditu erabiltzaileak, guztira urtebetean milioi erdi orrialdetik gora ikusi dira (548.774 orrialde).
Hilabetez hilabete erreparatuz gero, iazko datu guztiak hobetu ditu web-guneak aurten, eta maiatza eta ekaina izan ziren bisitari gehien izan zituzten hilabeteak, 20.800 eta 18.420 bisita hurrenez hurren. Aiaraldea Komunikazio Leihoak Udal eta Foru hauteskundeetan egindako lana eta Laudion ospatutako Araba Euskaraz jaiaren jarraipena izan dira dudarik gabe bisitari gehien erakarri dituzten edukiak.
Bisita datu onenak, Udal eta Foru hauteskunde egunean eta biharramunean eman ziren; 1.509 eta 1.439 bisita hurrenez hurren. Era berean, Korrikak eta euskal gehiengo sindikalak antolatuako greba orokorrak ere interes handia piztu zuen erabiltzaileengan.
Berria.info ere, tokiko informazioa eskuratzeko modulua txertatu zuen web-gunean, www.aiaraldea.com atariko RSS jarioekin batera, beste komunikabide batzuena ikusgai jarriz. 2011an izandako bisitetatik 8.046 berria.info-tik etorri ziren, eta ia 1.000 www.euskalherrian.info plataformatik.
Sare sozialak ere izan dira bisita trafikoaren iturri, tuenti eta Facebook batez ere. Gaur egun 306 dira Twitterren Aiaraldea Komunikazio Leihoaren jarraitzaileak eta 649 Facebooken.
Eduki multimedien eta sareko aplikazioen aldeko apustua indartu du web-gunea
2011. urtean ere, edukien ekoizpen multimediaren aldeko apustua egiten jarraitu du Aiaraldea Komunikazio Leihoak. Horrela, borondatezko lana egiten duten 38 herritar erredaktorek 932 albiste argitaratu zituzten iaz; guztira 107 bideo ekoiztu ziren; eta zinema, literatura, musika eta agenda proposamenak 142 izan ziren. Era berean eskualdearen luze zabalean gertatutako milaka agenda ohar argitaratu ziren iaz.
Aiaraldea Komunikazio Leihoak 8.948 argazki sareratu ditu dagoeneko Flickr plataforman, guztiak ere lizentzia librean, edonoren eskura eta erabilgarri (Creative Commons, aitortu/partekatu berdin ). Ekoiztutako bideoak ere, lizentzia berdinean deskargagarri jarri berri ditu web-guneak, erabiltzaileak errezago eskura ditzan.
Udal eta Foru hauteskundeetako web-gune bereziaz gainera, jarraipen berezia egin zitzaion euskal gehiengo sindikalak deitutako Greba Orokorrari, eta zuzeneko bideo-emanaldiak egin ziren aipatu bi gertakarien bueltan eta Araba Euskaraz-en. Udako Argazki-postal digitalen Leihaketak erantzun ona jaso zuen iaz ere, bai eta bukatu berri den Udazkeneko Multimedia Eskolak ere. Sakelako telefonoetarako aplikazioen arloan ere lehen urratsa eman zen udan; Amurrioko jaien egitaraua kontsultatzeko aplikazioa sortuz.
2012an ere erronka berriak
Egindako lana handia eta eraginkorra izan bada ere, Aiaraldea Komunikazio Leihoak eta euskarak asko du egiteko oraindik ere. www.aiaraldea.com sortu eta kudeatzen duen elkarteak hainbat hausnarketa egin ditu azken hilabete hauetan, eta erronka berriak definitu. Egunerokoan lotuko gaituena baina, euskarari egunero egunero arnasa, erabilgarritasuna eta balioa emango diotenak dira.




Zorionak!!!!!! Aurrera!!!