Agiñagako jaiak igandean hasiko dira
Igandean hasi eta astelehenera arte luzatuko dira Agiñagako jaiak. Aurten gainera, Agiñagako logotipoa diseinatzeko sariketa ireki zuen bertako jai batzordeak, eta lehiaketaren irabazle suertatu da Maite Martinez Menoyo (logotipo berria ikusgai dago ezkerreko zutabean). Bigarren saria ordea Iraia Aspuru Respaldizak irabazi du. Jai batzordeak eskerrak eman dizkie sariketa txiki honetan parte hartu duten guztiei, eta dei egin die Agiñagako jaietan parte hartzeko, batez ere igandean 20:30etan egingo den parrilladan.
Jaiak uztailaren 24an hasiko dira, igandea, arratsaldeko bostetan. Haurrek puzgarriak eta ohe elastikoa izango dute aukeran, bai eta margoketa eta zeramika tailerrak ere. Segidan VI. Seinakako Briska txapelketa ospatuko da, eta zazpiretan VI. Igel Txapelketa. Afal orduan parrillada, eta gaueko bederatzi terdietan Laudioko Pirulo Txou taldeak "Pirulo Monster Txou" ikuskizuna eskainiko du. Ikuskizuna amaituta berbena izango da, eta goizaldeko lauretan III. Igel arrantza Leihaketa.
Santiago egunean ere ospakizunek aurrera jarraituko dute; eguerdiko hamabi terdietan meza santua egongo da, eta ordubata terdietan Pintxo dastaketa. Ordu biak eta laurdenetan Agiñagako logotipo berria aurkeztuko dute, eta jarraian, jaiak amaitzeko, ohiko zozketa egingo dute.



Gehitu iruzkin bat